Bidebieta Times.
Futbol talde bat libra baten truke
Anton Zingarevich enpresari milioidun errusiarrak salgai jarri du bigarren mailako Reading futbol talde ingelesa libera bateko prezioaren truke (1,2 euro). Zingarevichek taldeko akzioen %51a du.
Zingarevich 2012ko urtarriletik da Reading taldeko akziodun nagusia, hain zuzen, taldea Liga ingeleseko lehen mailara igozenean. Hala ere, taldea denboraldi batez bakarrik egon zen futbol ingeleseko lehen mailan, gero “Championship” izeneko bigarren mailara berriz jaitsi zelako. Denboraldi hau zazpigarren lekuan amaitu du kategoria horretan, guztira 71 puntu batuta.
“The Independent” egunkariaren arabera, Zingarevichek 25 milioi libera inbertitu ditu taldean sozio denetik, eta hurrengo urtean taldeak bigarren mailan jarraituko duela ikusita, bere akzioak saltzea erabaki du.
Txinako Aire Armadak makako “batailoi” bat sortu du
Txinako Askapenerako Herri Armadak makako talde bat trebatu du Pekindik gertu dagoen aire-base bat babesten laguntzeko. Txori gehiegi daude bertan, eta arriskuan jartzen dute hegaldien segurtasuna. Tximinoak arazo horri aurre egiteko trebatu dituzte.
Txinako Aire Armadaren webean emandako informazioaren arabera, pistetatik gertu dauden zuhaitzetako habiak apurtzen eta txoriak uxatzen irakatsi diete, hegazkinak aireratzean eta lurreratzean istripurik ez izateko. Nolanahi ere, agintariek ez dute zehatz adierazi ehiza-hegazkin horien basea non dagoen.
Pailazoek izua zabaldu dute Frantzian
Moda arriskutsua, makabroa eta ulertezina sortu da azken asteetan Frantzian. Hainbat pertsona pailazoz mozorrotuta eta armak eskuan ateratzen ari dira kalera herrialde osoko hainbat herritan. Txantxa bezala hasi omen zen kontua, baina izua zabaldu da eta agintariek esku hartu behar izan dute, eraso eta istilu ugari jazo baitira.
Urriaren 10ean, pailazoz mozorrotuta zegoen mutil bat kalera atera zen Périgueux hirian (Frantzia erdialdea), plastikozko labana bat eskuan, "txantxa bat egiteko". Harrezkero, baina, hainbat pertsonak gauza bera egin dute herrialde osoan zehar, batzuk benetako armak hartuta atera dira, eta horietako batzuek erasoak egin dituzte, Frantzia hegoaldean.